gipuzkoakultura.net

Logo de la Diputación Foral de Gipuzkoa
2024ko abenduak 9, astelehena
Julio Caro Baroja
GIPUZKOAKULTURA.NET > IRAKURKETA GIDAK > JULIO CARO BAROJA, GAUR ERE

JULIO CARO BAROJAREN MAISUTZA
Jose Maria Satrustegi


Itzuli

Herri-jakintzako inkesta lanetan inoiz ezagutu dudan berriemaile oparo eta hiztun txukunenak zioen Urdiainen, papera astoa bezala dela; zama botatzen zaion aldera makurtzen dela. Julio Caro Baroja zenaz hemen mintzatzeko gomita hartu nuenean, nire arazoa ez zen mintzagai falta, mezua mugatu eta entzuleen gogara bideratzea baizik. Mahaiburuko moderatzailearekin mintzatu ondoren erabaki zen auzia: Juliorekin neuk zuzenean mantendutako lotura eta pasarteen lekukotasuna da hitzaldiaren edukia.

Urdiaingo Lukas zaharrak esandako asto-kargaren arrisku bera da biografia kutsuko aitorpenek dutena: hizlariari komeni zaion aldera iritziak lerratzekoa alegia. Bion arteko pasadizo adierazgarrienak bakarrik aipatuko ditut pertsona mailako iritzi berezienetan asko sakondu gabe, eta orain esango diren gauza asko, gehienak behar bada, bere eskuz niri idatzitako gutunetan eta argitaratu zituen lanen bidez baieztatu litezke. Nire lasaitasun eta zuen fidagarritasunerako diozuet hau.

Eta ahuntza baino lehen joarea jartzea bada ere, Julio Caro Barojaren adiskidantza, hala nola, Barandiaran, Mitxelena eta Villasanterena, zinez aitortzen dizuet, goi-mailako maisutza pertsonala izan zen niretzat. Lauok osatzen dute, herri-jaintzaren altxorrarekin, nire biziko unibertsitate bost izarrekoa. Ez aski baliatu izana, noski, ikasle txarraren errua da.

Antropologia departamentua

"Ederti eta Herri-ohitura Zaharren Nazioko I Kongresua" egin zen Zaragozan 1968ko maiatzeren lehen astean. Nafarroako ordezkari izendatu ninduen Diputazioak. Antolatzaileen batzordean agertzen zen Julio Caro Barojaren izena, baina ez zuen zuzenean parte hartu.

Garrantzi handiko kultura ekintza izan zen hura gerra osteko egoera itoan eta loturarik badu hemen azalduko dudan gaiarekin. Etnologiak ez zuen, artean, Espainiako Unibertsitatean sarrerarik eta erabaki garrantzitsua hartu zen kongresuko ondoreetan: Historia eta Letren Fakultate barruan Etnologiako departametua irekitzea unibertsitateetan, eskatu zitzaion Madrilgo Gobernuari. Sinatzaileon zerrenda buruan Gratiniano Nieto, Arte Ederretako zuzendari nagusia bera zegoen.

Bartzelonako Unibertsitatean Antropologia izenarekin abiatu zen lehen ikasturtea eta estreinako ospakizunen mahai buruan egon nintzen arduradunek gonbidatuta. Komentatu nion Juliori titulua ateratzeko ikastaroa egin behar ote nuen neuk ere, eta beste galdera batekin erantzun zidan berak; ea irakaskuntza munduan sartzeko asmorik banuen, alegia. Klaseen ordutegi zorrotza itogarria bururatu izan zait beti eta ezezko borobila eman nion. Aholku erabakiorra eman zidan berak orduan: -Tituluaz ez gehiegi kezkatu. Lanerako gaitasuna baieztatzeko beharrezkoa bada ere, lana bera da azkenean balio duena. Jarrai zeure bidean.

Aski informala zen Julio ofizioko agiri eta azalpen hutsekin, lanen ekarpen berri eta edukiei buruz zehatza eta zorrotza zen neurrian. Hori zen, behar bada, une hartan nik entzun nahi nuena eta, onerako ala txarrerako, lasai utzi ninduen maisuak.

Etniker taldea

"Euskal Herriko etnografiaren atlas baten zirriborroa" izeneko txostena irakurri zuen J. M. Barandiaranek Zaragozako kongresuan. Elkarrekin itzuli ginen gero biok etxera eta bidean eman zidan bere asmoen berri zehatza. Euskal Herri osorako etnografia ikerketa egingo zuen "Etniker" taldea antolatu nahi zuen berehala eta nire partaidetza eskatu zidan. Uztailaren 6an bildu ginen dozena erdi bat pertsona Nafarroako Unibertsitatean eta biharamuneko egunkarietan agertu zen argazkia.

Berria ez zen ongi erori agintari batzuen artean eta, san Fermin eguna izan arren, goizetik etorri zitzaidan etxera Diputazioko Kulturaburua berarekin kontatu ez zelako kexua agertzera. Luzea izan zen bion arteko jarduna baina ondore ezin hobeak izan zituen, kulturako bi aldizkari berri sortu baitziren bertan: Fontes Linguae Vasconum eta Cuadernos de Etnología y Etnografía de Navarra.

Urdiaindik deitu zuen "Principe de Viana" elkarteko zuzendariak Caro Baroja eta asko poztu ere berau berri onarekin. Zuzenean atera zen Uranga jauna "Itzea" aldera asmoen berri zehetzekin eta 1969ko urtarrilean kaleratu zen Fontes, Koldo Mitxelena, Julio Caro Baroja eta A.Garcia Bellido ospetsuen lanekin. Beste lau artikulu bidali zituen ondoren Juliok CEEN bigarren aldizkarira. Horrela joan ziren gu bion arteko loturak egunetik egunera estutzen.

Urdiainen

Juliok zenbait egun igaro zituen gero nire etxean. Urdiain eta ez beste herriren bat aukeratzearen zergatia, egonaldiaren ondoren idatzitako "Pueblo de encrucijada" artikuluan azaltzen du berak. Atlantiko nafar lurraldeei begiratua eman ondoren, erdialdeko herrietan ibili zen eta, azkenik, mendebaldea aztertu nahi zuen. Praktikotasuna ematen du Urdiain aukeratzearen arrazoi nagusitzat. Nekazaritza eta abeltzaintzako tresna zaharrak biltzen ari nintzen herrian eta etnografia erakustoki bat sortzeko asmoa eskuartean genuen biok. Hori dela-eta esperientzia interesgarria eta beste guztietatik desberdina gertatu zitzaiola, idatzi zuen aipaturiko idazlanean.

Etxez etxe eta txokoz txoko ikuskatu zuen herria. Egoitzen berezitasunak marrazten zituen denbora berean, kisketa, iltze landu eta sarrailen irudiak hartuz paperean. Interesgarriak zitzaizkion armarri eta beraien izkribuak, XVII eta XVIII. mendeetako aztarnak biltzeko. Halako batean, ohar hau egin zidan egunero ikusten nuen etxe baten aurrean: -Hona hemen erromatarren goldea eta Pirinio aldeko golde nabarra elkarren ondoan. Egun haietakoak dira bere liburu eta izkribu solteetan hainbeste aldiz agertzen diren Urdiaingo marrazkiak.

Ipuin, kontakizun eta mitoen mundua zen harentzat interes handiko beste arloa. Pirinio eta Ebro aldeko kulturak elkartzen dira Burundan ipar haize hotz eta hegoaren xuxurla beroa bezala. Apaiz sorginduaren Urdiaingo tradizioan,

adibidez, Sarako Axular eta Berako Jaun Benat elizgizonen pasarteak agertzen dira, Erriberan Joanes Bargotakoaren laino garraiolaria, hango eper banda eta saltzaileen lurrontzi hautsiekin batera. Izena ere Erriberatik hartzen du, aldaketa gutxirekin, Joan de Bargeta elizgizon urdiaindarrak.

Bertako euskara ere ez da Bonaparte printzeak zioen gipuzkera euskalkikoa, mugako Arabarekin ikusteko gehiago zukeen bizkaiera kutsukoa baizik, dot edo esan jeat moduko aditz formek eta bertako hiztegiak salatzen duten moduan. Jaso zuen ongi maisuak.

Urdiaingo familietan senipartea ume guztien artean banatzeko ohitura ez dator bat Sakana erdialde eta Arakil ibarreko etxaldeen banako jabetzarekin. Euri, lainotza eta landareekin ere berdin gertatzen da; Mediterraneora isuritako ibaialdea izan arren, Atlantiko itsasaldeko lainotza, klima eta ingurugiroa du Burundak. Horregatik deitu zuen Caro Barojak Urdiain "bidegurutzeko herria" (Pueblo de encrucijada).

Hauek izan ziren egun haietan gure hitz-aspertuen gai nagusiak eta berak jasotako berri baliagarrienen ardatza. Besterik da maisuak utzitako ikasgaia. Hemeretzigarren mende amaieratik ordura arte bilketa lana izan zen etnografiaren helburua eta hortan saiatu ginen buru-belarri galtzera zihoan altxorra eskuratzen. Zabalagoa zen Julioren ikuspegia. Lekuan lekuko tresna eta lanabesen inguruko informazio zehatza jasotzeaz bestalde, munduan zehar zituzten loturak bilatzen zituen. Emakume baten harilak gure etxe gehienetan zuen haria biltzeko tresna xumea, adibidez, Leonardo Da Vinci italiar margolari eta ingeniari ospetsuak asmatua zela entzun genion aho zabalik. Orduan ikasi nuen herri-jakintza zaharren doinuan muga gabeko beste hizkuntza baten ikasgaia bazela. Heziketa humanistan hain jantzia zenez, euskal etnografiaren garrantzia inoiz gutxietsi gabe, ez zen txokokerietan galtzen eta arranoen hegaldi goreneko ikuspegiz aberasten zuen edozein aurkipen xume.

Erlijioa

Otordu garaian erlijio gaia atera izan zuen, behin edo beste, nik bidea eman gabe. Berez zetorkion, naturalki, beste edozein mintzagai bezala. Errespetu handia zien sinesmenari eta jainkozale zintzoei. Besterik da Jainkoaren izenean historian zehar gertatuez zuen iritzia eta gupidarik gabe salatu ohi zituen gehiegikeriak. Ongi bereizten zuen sinestea sineskerietatik, eta kristautasun askatzailearen mezua, kristaukerien morrontza zapalgarritik.

Juan XXIII. aita santuarekin Elizan sumatu ziren haize berrien ondoren irekitasun pizgarria bizi genuen Trento garaiko doktrina estuan hazi eta heziak izan ginenok eta, antropologiari dagokionez, zientzia arloko pentsaera askatuari hesiak ireki zizkion egoera berriak. Hori dela eta espezien eboluziaz, edota Liburu Santuen edukietan testu literarioa, hizkuntza sinbolikoa, antzinako herri ohituren zama eta berezko erlijio mezuaz mintzatu ondoren, aitorpen esanguratsua egin zidan uste osoz : zuk orain esanak osaba Piok bere garaian sinatu izan balitu, gatzetsia ez ezik eskumikatua izango zen.

Sinestearekiko ez ezik, pertsona fededunenganako begiramendua ere bazuen Juliok. Iruñeko Udalak antolatutako Jardunaldiak ospatzen ziren batean jatetxe ezaguneko barne itxian bildu ginen zortzi-hamar antolatzaile eta hizlari bazkaltzen. Bat batean, hizpiderik eman gabe, azal gordineko idazle ezagun bat ausardiaz hasi zen Eliza eta elizgizonak salatzen. Elkar ezagutzen dugu, noski, eta nik ez nuen gaizki hartu erasoa. Caro Baroja, aldiz, asaldatu eta bere onetik aterata entzundakoen aurka mintzatu zen haserre bizian. Elkarrenganako errespetua zela, beste ezer baino lehen, gizalegearen oinarria, esan zion, eta gaitzesten zuela apaiz eta adiskide baten aurrean hitz iraingarri haiek esana.

Ez zekien Juliok ongi konpontzen ginela salatzailea eta biok, baina pertsonak alde batera utzita, printzipioen oreka zegoen koloka eta hori ez zuen barkatzen adiskidantzak.

Jentilak

Esaera zaharretako pertsonaia aipatuenak Jentilak dira Urdiainen eta beroriei buruz ikasle baten etxeko lana eman zidan Juliok. Erdi Aroko tradizioa izan zitekeela zioen, baina datuekin argitu behar zen. Helburu zehatza markatu zidan, hasteko: Jentilen sukaldea izeneko harkaitz zuloa berezkoa ala gizonen lana zen aztertzea.

Legezko baimena lortuta hamabi eta hamalau urteko dozena bat gazteen laguntzarekin igandeko txangotzat hartu genuen mendi gaineko inausketa 1971ko uda eta udazkenean. Ez zen zaila gizonen eskulana zela baieztatzea. Hormako puntadun burdin markaz bestalde, malkor bizian ebakitako harmailak agertu ziren sarreran, lurrez estalirik egonak. Alboan zuen gelatxoa ere haitzean zulaturik zegoen eta noizbait teilaturen bat izan zuelako itxura zuen. Euria biltzeko urtegia zirudien eta, beraz, gizona luzaroan bertan egoteko antolatua izan zen zulo hura. Burdinezko lantza puntak agertu ziren, besteak beste.

Zein mendetako lana zen jakiteko grina sortu zitzaion talde gazteari eta hondakinak jaurti behar zituzten amildegi zuloan egin zen bigarren saioa. Ia berrehun lekukotasun agertu zen hezur, burdin, zeramika eta uhal jantzien tupin-lotura eta edergarriekin. Data finkatzeko garrantzitsuena dominen aurkipena izan zen: 1180-1280 bitarteko lau txanpon.

Material guztia ikasiek ikertu ondoren, Caro Barojak zuen susmoa indartu zen, Erdi Aroko aztarnak baitziren Jentilen ustezko egoitzan aurkituak. Zilarrezko txanpon horietatik bi Frantziako erregeenak ziren, eta beste biak Leoi eta Gaztelakoak. Horrek adierazten du 1200. urtean Gipuzkoa Nafarroatik berezi zeneko istiluek eragin zutela zaitegi edo talaia horren beharra.

Julio Caro Barojak zekiena emateaz bestalde, ikaskizun zegoena aztertzera bultzatzen zuen ikaslea. Gidaritza zehatza zen berea.

Urgoiena

Gauerdiko uraren eskaintzarekin ematen zaio Urteberriari hasiera Urdiaingo ohituretan. "Nafarroa: lau urtaroak" (Navarra: Las Cuatro Estaciones) izeneko filma egiteko itzuli zen berriro Julio Urdiainera, anaia Pio eta lan taldearekin batean. Aste betean egon ziren, gutxi gorabehera, herrian. Pertsona multzoa zenez, ostatuan gelditzen ziren eta ez nire etxean, baina urratsez urrats jarraitu genuen haien eguneroko lana. Ohituren zehaztasuna zen gugandik itxaroten zutena, euren tramankulu eta teknika bitxiez zerbait ikasten ahalegintzen ginelarik besteok.

Juliok ez zuen aukera galdu aurrez jasotakoen zehaztasunak azpimarratzeko. Behin eta berriz ikuskatzen zituen txoko politenak.

Museoa

Caro Barojaren arantza gordina museoarena izan zen betidanik. Jende gutxik daki zenbat itzulipurdi eman zuen Nafarroan etnografia erakustokiaren asmo zaharrak. Haste-hastetik kontatzen zuen nirekin eta bere ustekabe eta urrats berri bakoitzean hartu nuen parte. Gogokoen zuen Museo mota aurrerakoia zen, iraultzilea gure artean: herri oso bat oinarritzat hartu eta hiriburutik gertu egingo zena. Herria hautzeko orduan Arazuri ikusten zuen egokiena. Baziren bertan mota guztietako eraikuntzak: jauregia, nekazari etxe eta bordak, harresi ingurua eta eranskinak sortzeko lur inguru zabala. Estokolmoko etnografia museoa zuen begiz jota.

Politikoak izan ohi dira ekintza batzuen etsai nagusiak; lehen urratsak eman orduko badatoz besteak aurrekoek egindako guztia pikutara botatzeko asmoz, eta Caro Barojaren amets handi hura haize freskoen kale gorrian gelditu zen.

"Ciudadela" barneko "Armen Sala" museo bihurtzea izan zen hurrengo jaunek eskainitako aukera. Zer ajola zuen politiko ustetsuentzat ikasien aholkuak baztertu eta kokagune berriak bilatzen hasi beharrak? Bizkorrago mugitzen hasi zen, halere, Administrazioaren tramankulu astuna eta iduri zuen aurrera zihoala benetan erakustokiaren asmoa. Txukun gelditzeko moduan banatu ziren estai bakoitzeko tresna eta apaingarrien kokaguneak. Azuelo herrian zaldiz mugitutako "malakate" baten bidez mugitutzen zen zurgintegi bitxia neurtu, irudiak hartu eta Iruñera eramateko xehetasunak ikusten, izan gitzen teknikari batzuekin. Erosi ere, erosi zuen Diputazioak tresneria guztia.

Carok Beran bilduak zituen sagardo tresna, gurdi, dolare, upel handi eta hainbat gauza ekarri ziren hiriburura, eta neuk Urdiainen nuen tresneria guztia bidali nuen hark esandako tokira. Diputazioak onartua zuen ekintza eta aurrekontuetan sartua ustezko kostua, baina tresnak zaintzeko asmoz joan ginenean hurrengo astean Iruñera, ez zegoen ezer. Baztertuak izan ziren inork ez zekien tokiren batera. Haziak eta landareak han zaintzen zituen arduradunak kendu omen zituen denak Atarrabiako ikastetxe bateko dutxaleku eta komunetara igorriz. Txunditurik gelditu ginen Julio eta biok. Hitz bat atera zitzaion haserre bizian hari: -Madrilgo administrazioa kaos bat dela! Honek txiki uzten du hura. Gaztetan izandako esperientzia txarra zuen gogoan. 1941ean, Jose Ferrandiz jaunaren bultzadaz Madrilgo "Pueblo Español" izeneko museoaren zuzendari izendatu zuten eta gauza asko egon arren, nekazaritza tresneri kopurua urria zela ikusita museo berri baten itxura egokitua eman nahi zion Godoy kaleko etxeari, behar zena han-hemenka bildu eta marrazki asko egin ondoren. Buruan zeraman erakustoki haren eredu berritzailea asmo hutsean gelditu zen azkenean, eta ez zuen porrota inoiz ahaztu.

Iruñean hurrengo agintariek ere etnografia erakustokiaren erronka berreskuratu nahi zuten, modako zerbait izaki edo, eta Ignazio Irazoki Berako diputatuaren eskutik Lizarrako santo Domingo eliza zaharraren alboko eraikuntza itsusi eztabaidatua proposatu zuten egoitza barritzat. Carok ez zuen ezer jakin nahi eta neu deitu ninduten tokia ikusi eta iritzia emateko. Ordu arte ikusitako proiektu guztietan desegokiena zen arrazoi askorengatik; labur esateko, zeharbide eta kokagune itxuragabeak ez zuen ez buru eta ez hanka.

Principe de Vianak Iratxeko komentuan kokatu du, azken urteotan, Nafarroako Etnografia Museoa eta bertan bildu dira hasieran Bera eta Urdiaindik ekarri ziren tresna solte batzuk.

Historiaurrea

"Euskal Antropologiaren III. Astea" egin zen Bilbon 1973ko apirilean eta Julio Caro Baroja zen zuzendaria. Zer gai neraman batzarrera, galdetu zidan, eta eskuzorroan nuen egurrezko uztarri-eraztun bitxia erakutsi nion, zuhaitza bota gabe egokitutako erreminta zela esanez. Egurrak berez ez duen erresistentzia eta iraunkortasuna lortzen zuten lanabesentzat gure aurrekoek egur bizia landuz. Harrizko aizkorari giderra jartzeko baliatu zatekeen teknika ezkutua hortan datza, inongo liburutan ez aipatu arren.

Biziro interesatu zen aurkipenaz Caro eta, etnografiako hitzaldien aretoan ez baino historiaurrekoan eman behar nuela horren berri, erabaki zuen. Egitaraua aldatu eta saioaren lehenbiziko txostena izan zen hura. Berak egin zuen nire aurkezpena eta gaiaren berezitasuna azpimarratu ondoren, Urdiaingo nekazariek betidanik erabiltzen zuten zerbait, azken orduko jakintza berria bezala aurkeztu zen ikasien aurrean.

Pertsona liberala zen Julio. Arauak eta disziplina oinarrizkotzat zeuzkan elkarte eta herrien gobernurako, baina egitarau estuen mirabetzan erori gabe.

Adiskidea

Julioren adiskidantzaz mintzatzea da niretzak gauzarik zailena. Lotsa pixka bat ematen dit Carok zer hurbiltasunarekin tratatu ninduen esateak, adina eta jakintza mailan ez zegokidan errespetua azalduz, denbora berean. Gaztea nintzenetik don José María zioen beti niri zuzendutako idazki eta eskutitzetan. Argitaratzen zituen lanen separatak bidaltzen zizkidan txintxo eta honelako agurrak ikus daitezke euren orrietan: En testimonio de amistad; Recuerdo afectuoso de J.C.B; Para D.J.M.S. cordialmente J.C.B.; Para J.M.S. de su amigo y colaborador J.C.B. Urrutiago doa, honako hau dioelarik: Homenaje afectuoso del autor a D.J.M.S., J.C.B. Gure artean aipatutako gaiez oroitzen da beste batzuetan. Nire etxean ikusi zuen talisman-harria dela-eta, zuzendari izan zen "Pueblo Español" Museoko katalogoa bidali zidan, ohar batekin: Para D.J.M.S. (Encontrará V. el amuleto de piedra y otros). Esana zidan behin bazirela Madrilen nik bilduak nituen moduko gauza berezi batzuk eta informazio gisa igorri zidan lekukoa.

Letren saria

Espainiako hizkuntza Akademian sartu ondoren, Letren sari nazionala eman zitzaion Caro Barojari. Epaimahaikoa nintzen eta bapatean harrapatu ninduen bere aldeko giroak. Javier Solana ministroa zen mahaiburua eta galdetu zigun mahaikideoi ea nork egingo zuen sarituaren aurkezpena komunikabideen aurrean. Zamora Vicentek hitzetik hortzera erantzun zion: -Satrustegik, horretarako da bere adiskidea.

Irribarretxo batekin, orduan, Solanak niri: -Ausartuko al zara?

Hamar minutu luzeko hitzalditxoa egin behar izan nuen Julio Caro Baroja eta bere merzimenduez irrati, telebista eta egunkarietako kazetarien aurrean Madrilen. Etxera joan nintzaion gero zorionak ematen eta zer estutasunean jarri ninduen sariak, aipatu nion. Bere anaia Piok zioen normala zela nik egitea, neuk ezagutzen omen bainuen mahikoen artean hobekienik Julio.

Ustekabeko ohorea izan zen hori niretzat.

Hileta elizkizunak

Julio zendu aurretik, Iratxeko Museoa ikusteko aitzakian Nafarroako Gobernuko bi kargudunek gonbidatuta itzuli bat egina genuen Pio eta biok Lizarra aldera. Gaixoaldian ez nintzen ikusten izana. Piok esan zidan berak deituko ninduela gertakizunen azken berriekin. Aldarean parte hartu gogo nuen hileta egunean, baina zenbait herritan apaiz bakarrak meza emateko ohitura zehatza dute, jokabide benetan errespetagarria bestalde, eta gogorra egin zitzaidan familiarekin nuen harremanaz baliatu behar izana harekin batean meza emateko. Barkatuko al zidan herriko apaiz prestuak. Suquia kardinala genuen aldare alboan.

Azken hitzak

Zerbait berezi azpimarratzekotan nik ezagutu nuen Julio Caro Barojagan, bide urratzaile ausarta izana da. Begien aurrean zuena baino urrunago begiratzen zuen eta, hanka sartzeko arriskuari aurre eginez, lotura harrigarriak usnatzen zituen. Idazle ona izan arren, merezimendu gehiagotzat daukat ohiko esames arruntetatik saihestu eta mezu iraultzaileak sortzeko zuen ikuspegia.

Euskara ez dugu aipatu eta ez zuen mintzatzeko erraztasunik, noski. Baina hizkuntza aztertzen trebea zen eta entzun egin behar zitzaion nondik hasita hartzen zituen sustraiak. Azken orduko euskaltzale askok ez zuela Larramendiren hiztegia aintzat hartzen, zioen, eta aipatuko ez ditudan autore ezagun batzuk baino aberatsagoa omen da.

Nafarroan diren -ain bukaerako hainbat lekuizenez esan zuena, orohar, ez du inork ezeztatu. Latineko -anus, -ana, anum pertsona izenlaguna ikusi zuen berak: Belaskus, belaskoanus, Belaskoain. Ez zen, halere, iritzi hertsiko ikerlea. Urdiain ere hala ote zen galdetu nionean bestelako erantzuna eman zidan: ez du lege batek nahitaez kasu guztien giltza izan behar. Urdin pertsona izena bada noski, baina beste zerbait ere izan daiteke eta dokumentu zaharretan ikusi behar litzateke mendebaldeko herria baita Nafarroan.

Eta bukatzeko, zer zioen Juliok sukalde giroan Euskal Herriaz? Eztabaida zaratatsuenak sortu zituen gaia izateaz bestalde, beldur zen arriskua eta tristura sumarazten zizkion bere ikuspegia ez ote zen ezezkoegia, beste batzuek lorategi eta pinpilinpauxak ikusten zituzten bitartean. Zalantzak zituen beraz. Bi mailakoak ziren bere kezka nagusiak: teknika berrien arlokoak, eta Euskal Herriaren egituratze prozesuarena. Nahi nuke ikusi zertan gelditzen den istilu guztia bizpahiru hamarkadaren ondoren, esan zuen noizbait.

Hiru hamarkada iragan dira geroztik eta teknika arloan berak nahiko zuen bezala, edo hobeki, doa gure herria denbora berriei aurre egiten. Gizarte zentzu, nazio-nortasun eta herri giroari dagokienez igerle gertatu zen bere ezezkotasuna. Herri normala, euskaldunon tradizioko herria alegia, Espainia guztian kementsuenetakoa ikusten zuen, eraso eta oztopo guztiak barne. Bereizten zuen halere Euskal Herri izaera mailan ipar bila daraman bidea eta ez zuen argi printzarik ikusten.

Agian gehiegizkoa zen ezkortasun hura. Geroak esan beza.

Gora

Itzuli

Licencia Creative Commons. Pulse aquí para leerla
2007 Kultura, Gazteria eta Kirol Departamentua - Gipuzkoako Foru Aldundia
Para conectar con nosotros mediante skype pulse aquí
Logotipo Gipuzkoa.net. Pulsar para ir a la página de Gipuzkoa.net