Julio Caro Barojaren lurraldeetan barrena
1914ko azaroaren 13ko hartan Madrilen jaio zenetik, ingurumari familiar, politiko, akademiko eta sozialen sare nahasiak moldatu zituen Julio Caro Barojaren bizitza eta obra. Bere burua kokatu ezinik, ez XX. mendea dezente iragan arte bere arrastoa utzi zuen XIX. mendean, ez azken hamarkadetan iraganaren ahanzturak eta geroaren ziurgabetasunak moldatutako etorkizuna iragartzen zuen XX. hartan, Julio Caro Barojaren bizitza eta obra egoera horren oihartzuna eta aldi berean moldaketa dira neurri batean.
Ikusle eta aktore aldi berean, bere inguruan ikusi eta entzuten duena eta iraganaz ikertu duena ez ezik, berak ere sentitzen duena eta sentitzeari buruz pentsatzen duena azaltzen dizkigu Julio Caro Barojak. Ikusle-aktoreak bere burua atzipetu, bere baitan giltzapetu eta barne lokarriekin bere burua lotzen du eta kanpoko errealitateak ere esku loturik dauka: antzezle hutsak direla uste izan eta antzeztutako obran beren eginkizuna zein den aztertzeko gai ez direnek daukate esku loturik batez ere. Azken emaitza, halabeharrez, nekea, adore galtzea, ironiaren itxurako garraztasuna izango dira edo, J. Mª Romerak Pioren umoreari buruz esaten duen bezala, “barrea baino gehiago hausnarketa sortarazten duen” umorea. Funts-funtsean, eszeptizismo bat guztiari eta guztiei buruz, are norberaren bizitza eta obrari buruz.
Egia da eszeptizismo hori laurogeiko hamarkadaz geroztik indarberritu zela Piorengan, haren azken idatzietan azaltzen dela zabaltasun eta sakontasun osoz, baina aztarnak ia obra osoan aurki daitezke. Hark berak idatzita utzi zuen bezala, hogeita bi urte zituela xalotasuna galdu eta kritika eta zuhurtasuna gailendu zitzaizkion. Jarrera hori dela-eta, ez zuten pertsona zakar eta umore txarrekotzat hartu haren osaba Pio bezala, baina berezia eta zaputza izan zen bai askorentzat, pertsona kontentagaitza Espainian egiten zen edozerekin eta, batez ere, Euskal Herrian gertatu, antolatu eta pentsatzen zen guztiarekin.
Julio Caro Barojaren obran egiaz badaude jende bat poztu eta beste bat haserretzen duten idatziak, alde bakoitza zein lubakikoa den kontuan hartuta, baina, zenbaitzuen ustearen aurka, bizitzea eta idaztea ez dira ekintza banatuak. Idazteak zerikusi gehiago du bizitzarekin antzezpenarekin baino. Jakintzak erudizioarekin, ziten moldaketarekin eta zientziaren trikimailuen bidez barne sua itzaltzearekin baino bizitza bizitzeko moduarekin zerikusi gehiago duen bezala. Bizitza, jakintzarena antzera, ilusioek ehundutako oihala da. Izan ere, horrexek ahalbidetzen ditu komunikazioa eta trukea.
Eta, hain zuzen ere, inguratzen zuenari “kritika” eta “zuhurtasuna” kontrajarri zizkiolako irudikatu eta azaldu ahal izan zuen Caro Barojak besteek irudikatu eta azaldu ezin zutena. Irudimenaren paradoxa, Ricoeur filosofoak adierazten duen bezala, egunerokotasun arruntari ihes egitea da, baina egunerokotasun horren muinera itzuli eta “gordintasun osoan bertan bizitzeko”.
Julio Caro Barojaren obra, egia esan, irudi irudimentsuez zipriztinduta dago batzuetan. Ilusio bristadak dira iraganari eta berak aukeratu ez zuen garaiari egotziak. Moduak eta aukerak baita ere, gizarteek eta giza taldeek gizabanakoen arrantzan botatzen dituzten sareen mailetatik ihes egiten lagundu ziotenak.
“Gauzez ohartzeak” dakarren nahigabea zen Juliorena, haren zientziari buruzko ikuspegia laburbilduz Nelken idazleak definitu zuen “nahigabe norberaganatu, gizatiar eta, ziragarria izan arren, lasai hori: kontzientziaren nahigabea”; eta, hain zuzen, nahigabe hark lagundu zion Juliori oro har gizarteak eta bereziki denborak eta kulturak hamarkada batzuk geroago zein bide hartuko zuten antzematen. “Beharbada inoiz izan ez den mundu bat, zenbait kontzientziatan ez bada” idatzi zigun 1981ean, baina etorkizun ez hain urrunean irudimenetik errealitaterako urratsa egin dezake esaldi horrek.
Bizi dugun garaiotan edonori gerta dakioke Mariari, Pioren dama nomadari, gertatu zitzaiona. Aita zurrunbiloaren jira-buelta etengabeak hondoratu duen bitartean, Mariak, ur eta itzalen amildegi kaotiko ilun horren erdigunean, ez du ezer ikus-antzematen, baina “indarraren eta energiaren hatsak berritzen du, iluntasunaren erdian olatuetan barna gezi baten gisa hegan egiten duela sentitzean”. Ez daki zer datorkion, baina oraingo bizitzak ez du zer ikusirik ordura artekoarekin. Gertatu baitzen “eguneroko bizitzaren kateak hausteak halatan aldatu ziola gauzei eta pertsonei buruz zuen ikusmoldea, non bere bizitza, bere aitarena eta familiarena, desberdinak iruditzen baitzitzaizkion ordura arte bizitakoaren aldean”.