gipuzkoakultura.net

Logo de la Diputación Foral de Gipuzkoa
Logotipo gipuzkoakultura
Domingo, 24 de noviembre de 2024
Julio Caro Baroja
GIPUZKOAKULTURA.NET > GUÍAS DE LECTURA > JULIO CARO BAROJA, TODAVÍA

JULIO CARO BAROJA. GIZON ETA MAISU BATEN OROITZAPENAK
José Antonio Azpiazu


Volver

Ezaguera, hurbilketa, eta maisuaren lehen aholkuak

Badira hogeita hamar urtetik gora lehenbiziko aldiz Caro Barojarengana pertsonalki hurbildu nintzela. Gure bizimoduan zehar hainbat pasadizorekin gertatzen den bezala, topaketa hau ere kasualitate hutsa izan zen. Filosofiako ikasketak Madrilen bukatu ondoren, Nafarroako herri txiki batera hurbildu nintzen, eskola emateko asmoz, Lesakara, hain zuzen.

Horrelaxe hasi nintzen historia eta antropologia sailak jorratzen. Horretarako, Lesaka toki aproposa zen, Bera de Bidasoatik hain hurbil. Beran adiskideak egin nituen, eta, kasualitatez, haietako batek On Juliorekin harremanak zeuzkan. Folklore zale amorratua zen, musikaria ere bai, eta biok maisuarengana joatea erabaki genuen, aholku eske. Nire adiskidea baino apur bat jantziagoa nintzen, unibertsitatetik igarotakoa; berak, berriz, lurralde hura oso ondo ezagutzen zuen eta, batez ere, Itzeako ateak zabal zabalik zeuzkan. Bikote aproposa, itxurak egiteko behintzat.

Aukera ezin hobea zen Itzean agertzeko, gaur egundik ikusita, ausardia nahiko nabaria iruditzen bazait ere. Lehen urratsak emateko nora joan eta Euskal Herrian gehien zekien harengana. Ez naiz oroitzen zein proposamen zehatzekin joan ginen, baina ezin izango zen taxuzko proiektua. Baina hori bai, borondate soberan. Ez ziren makalak gure asmoak, eta Caro Barojak ez zigun huts egin.

Egun hartan eta ondorengoetan izan nituen bileren oroitzapenak berdinak dira: gizon aparta bezala agertu zitzaidan. Eta haren jarrerari buruz ez dago hau besterik esaterik: jakituria, esperientzia, liburuak, etxea, denbora, dena jarri zuen gure zerbitzura. Eskuzabaltasun horrek erabat txundituta utzi ninduen. Harrez gero, ikusmina zeukaten adiskideak neurekin eraman nituenean ere, haren arrera oso antzerakoa izan zen. Zuetako askok jakingo duzuen bezala, Itzeara hurbiltzen ziren denekin berdin jokatzen zuen, haren esku zegoen neurrian behinik behin.

Hasi nintzen, bada, nire historia eta antropologiaren ikerketetan. Hain zuzen ere, Caro Barojak plangintza bat proposatu zigun bikoteari. Historia eta antropologia esparruak ezin bereiztu zirela garbi zeukan, eta gure kasuan, gauza garbi zegoen. Oso ondo oroitzen naiz hasieratik, sarrera bezala, gomendatu zizkigun bi liburuen izenburuez. Bata, Malinowskiren "Sexo y represión en la sociedad primitiva"; bestea, Vicens Vivesen "Historia Económica de España".

Beharbada, zuzenegi edo azkarregi joan nahi genuen susmoa hartu zuen On Juliok, eta irakurtzearekin batera, artxibategira bideratu gindun, aspaldiko idazkera eta paperak aztertzen ikastera. Alde batetik, berak esanda, Lesakako parrokiko dokumentu bati heldu nion. Hain zuzen, gotzainaren bisiten berri jasotzen zuen liburuxka bat lantzeko eskatu zidan. Aldi berean, adiskidearekin batera Bera herriko notario agiriak ikusten eta lantzen hasi ginen.

Ez dakit bide zuzenetik, edo ildo egokitik hasi ginen. Hala ere, emaitza xume eta guretzat esanguratsuak ekoiztu genituen. 1973 eta 1974 urtetan, Caro Barojaren aholku eta ezaupideei esker, "Historia socio-económica de Vera de Bidasoa en la primera mitad del siglo XVIII", eta "Aspectos de la vida en la villa de Lesaca, siglos XVI-XVII", Príncipe de Viana aldizkarian agertu ziren.

Hasiera, beraz, ez zen txantxetakoa izan, edo niri honela iruditzen zitzaidan behintzat. Gero, noski, jarraipena zegoen zalantzan. Baina, esan bezala, eta Caro Barojari esker, artxibategiak deskubritu nituen, eta agiri haiekin batera, ez dut dudarik egiten nire bizimodua hein handi batean bideratu zela. Geroztik sarri pentsatzen dut nire burua, eta aburuak, bi maila ezberdin eta osagarrietan jotzen dutela aurrera. Bata, Euskal Herriko XVI. mendeko bizimoduaren inguruan, eta bestea, bostehun urte beranduagokoan, eguneroko bizitzan. Egia esan, uste dut nire neuronak (gelditzen zaizkidanak) gusturago igarotzen dutela bere bizimodua lehenean orainean baino.

Nire Nafarroako aroa, hain aberatsa, hain nire gustukoa izan zena, bukatu zen. Nire herri aldera, Legazpira, etorri nintzen, eta geroztik Oñatira. Hemen, kasualitateak nagusi, berriz ere artxibategi nagusi bat jarri zitzaidan eskura, Oñatiko Unibertsitatekoa hain zuzen. Ogibidea ateratzeko lana aparte, laster sartu nintzen buru belarri nire gustuko beste lan batean: hamasei mendeko agirietako gure gordailuak dastatzen.

Tartean urte batzuk eman nituen. Berriz ere artxiboko lanetan hasita, honetaz ohartu nintzen: XVIII. mendeko Bidasoa aldean arakatutako dokumentuek batez ere baserri giroa erakusten zuten, nahiz eta bertan ere burdin industria nahiko ezaguna izan. XVI. mendeko Gipuzkoako herrietan, aldiz, eskribauengana batez ere merkatariak, eta beren ingurukoak, hurbiltzen ziren. Deba Bailarako herrietan, bereziki, mundu aberats eta berezia agertzen hasi zitzaidan, eta ez baserrikoa. Behintzat, ez baserrietaz guri iritsi zaigun giro berdinekoa.

Datu fidagarri ugari samar jaso nituenean, Itzeara hurbildu nintzen berriz ere. Batez ere, nire harridura sortu zuen industria eta merkatal giro haren berri eman nion. Nire kezkak agertu nizkionean, berehalaxe ohartu nintzen emandako datuekin erabat ados eta baikor agertzen zela. Hain zuzen, argitaratu nahiko berria zeukan "Los vascos y la historia a través de Garibay", eta pipilean zeukan Barojak Garibaik hain garbi deskribatzen zuen industria eta merkatalgo mundu hura. Horrelako baieztapen baten ondoren, zer esanik ez, zalantzak alde batera utzi eta sendo jarraitu nion ikerketari.

Berehalaxe etorri zen hurrengo urratsa, nire bizimoduan oso pisu handikoa izan dena. Bertan, noski, Caro Baroja lekuko eta erabakitzaile. Nire proposamen zuzena hau izan zen: ia doktoratutzako tesia zuzentzeko prest zegoen. Ezezkoa eman balit, ez dut uste bide horretatik pauso asko emango nituzkeenik, unibertsitatetik nahiko urrun bai nengoen. Baiezko borobila eman zidan. Handik etorri zitzaidan benetako aukera, eta baita benetako erronka ere.

Oñatiko protokolo agiritegian bildutako emaitzekin Nafarroara joaten nintzen. Bidai hori maiz egin nuen, eta niretzat jakituria berriak jasotzeko aukera paregabea zen. Aholkua, erantzuna, irizpidea, denetarako prest agertzen zen. Bisita bakoitzeko paper mordo bat eramaten nuen, gero han eramandako berri eta iritziez garbitasunik jasotzeko asmoz. Nire harridurarako, hurrengo ikustaldirako, On Juliok nire zirriborroak irakurrita zeuzkan, eta behar ziren aholkuak gertu. Itzeako nire bisitak, itxuraz behintzat, patxadaz hartzen zituen, eta hori, maila hartako gizon batengan, oso zen eskertzekoa. Inoiz ere ez nuen nabaritu nire bisitak, galderak eta zalantzak astun eta aspergarri egiten zitzaizkionik.

Caro Baroja eta bere liburuen erreferentzia

Caro Barojak, dakigunez, asko idatzi zuen. Bere gai nagusiak Euskal Herria inguruan mamitzen dira. Gure historiografiaren historia ezagututa, unibertsitate eza, XIX. mendetik aurrera hain aro kritikoak jasan izanda, erabat harritzekoa iruditzen zait gure herriari buruz hainbeste idatzi duen autore bat agertzea. Caro Barojaren lanak, gainera, oso sakonak eta kritikoak dira, iturri oso aberatsak erabiltzen ditu. Gainera, nazioarteko historiagile eta antropologoen arteko onarpena jaso zuen maisuaren ekarpenak.

Dakizuenez, Barojaren liburuak beste hizkuntzetara itzultzen hasi ziren, eta hau gauza nahiko berria eta ezohizkoa zen Euskal Herriko kulturan. Dudarik gabe, berrogei urtetan zehar agertu ziren lanak erabateko berrikuntza eta aise freskoa dakartzate berekin. Atzerrian, Euskal Herriari inguruko ia lan zientifiko bakarrak Caro Barojarenak dira, garai hartan.

Gure autore honen ekarpen miragarriak, bere liburu ugariak, besteak beste, ez dira oraindik modatik pasatu. Hau da, berak ikertutako gaiek hor diraute, oraindik, punta puntan, nahi eta nahizko erreferentzi gisa. Ez dakit Los vascos liburua zenbait aldiz izan den berrargitaratua. Lehenbiziko edizioa 1949koa da, eta, egileak esaten duenez, hasi eta bukatu egin zuen (de una sentada idatzi omen zuen).

Bere liburuak behin eta berriro argitaratzen badira, argi dago berak esandako gauza asko oraindik ez direla gainditu, edo eta ezin daitezkeela gehiegi kritikatu. Gainera, bere lanak, sarritan, bide berriak zabaltzeko asmo hutsarekin eginak ziruditen, hau da, bidea erakusteko asmoz, ikerlari gazteei urrats berriak ematen erakusteko eginda bezala. Galderak egiten dizkio bere buruari, baina galderen barruan erantzun zuzenaren arrastoak garbi agertzen dira bere idaztietan.

Nire ikerketen arabera, Caro Barojaren arrastoa, berak aurreratutako teoriak, intuizio zuzen eta aberatsak bilakatzen dira. Lehenbiziko eraginen ondoren, denbora luze samarra igaro zen ikerketak alde batera utzi nituela. Ikerketekin jarraitzeko erabakian, lehen aipatutako arrazoiak daude. Itzeako konexioa ia ahaztuta neukan garai batean, eta beste zerbaitek eraginda mamitu ziren nire lanak, ez Nafarroa inguruko beroaldi batek bultzatuta. Egia esateko, doktoretza egiten hasi nintzanean ez nintzen ikasketak bukatu berriko mutil gazte bat.

Perspektiba apur batekin begiratuta, Caro Barojaren liburuen laguntasuna, urte batzuk igaro ondoren, erabatekoa izan zen. Baina, batez ere, lehen aipatu dudan bezala, erabat txundituta utzi ninduena dokumentazioa izan zen. Barojaren lanen baieztapena, nik eman dezakedan neurri urrian, bigarren urratsa besterik ez da.

Beste alde batetik, ez naiz ni inor Caro Barojaren ekarpen orokorra baloratzeko. Batez ere, historia ekonomikoa eta garai bateko euskaldunek beren inguru eta medio fisikoari emandako erantzuna hartuko dut kontuan, eta horretarako, konparabide bezala erabiliko ditudan liburuak hauek izango dira:

Los vascos y la historia a través de Garibay

Vasconiana

Introducción a la Historia Social y Económica del Pueblo Vasco

XVI. mendeko Euskal Herriko arrakasta eta Barojaren intuizioak

Caro Barojak garbi adierazten du Penintsula barruan Euskal Herria noiz eta zergatik indartzen den. Hori, XII. mendetik aurrera gertatzen da. Leinu eta familia indartsuen presentzia garbi dago Erdi Aroan, baina herriak eta erakundeak horren gainetik indartzen dira. Kanpora begirako fenomeno hau beharrak bultzatzen du. Euskal Herria txiroa da, batez ere janarietan, eta ingurura begiratu behar du. Baina euskaldunak ukitzen duten esparrua oso zabala da. Garai hartan izan zitekeen zabalena. Euskaldunen eskaintza teknika eta industria bidetik dator. Honi buruz begira zer esaten duen: "Así lo encontramos ejerciendo en la vida técnica, en la vida industrial, en la vida comercial del occidente de Europa mayor influencia del siglo XIII al siglo XV, y luego, en una especie de situación peculiar de clímax en los siglos XVI al XVIII".

Caro Barojak garbi dauka gertakizun hau penintsula barruan ez dela arrunta, ez dagoela zabalduta: Euskal herrian sortzen den bilakaerak, berak "ritmo histórico" izendatzen duenak, Mediterraneoko herrien jokaerarekin ez dauka zer ikusirik. Euskalduna, inguruko herrientzat "homo faber", penintsulako teknika ekoizle eta langile eredu bihurtzen da. Erritmo edo mugimendu hau, garbi azaltzen du: "Tan distinto al ritmo de los pueblos europeos del Mediterráneo, tan nórdico en el fondo".

Bere eskuetan dauden datuen arabera, eta bere buru argiak ematen dizkion distirak honelako baieztapenak esatera bultzatzen dute: "Hemos de imaginarnos la vida de la costa en el siglo XVI como sometida a una actividad febril... El examen de algunas listas de mercancías hace pensar que esta relación de tipo económico con el Norte, ha debido ser de una importancia cultural mucho mayor de lo que se piensa comúnmente".

Caro Barojak horrelako esaldiak defendatu zituenetik ikerkuntza asko aurreratu da. Geroztik tesiak eta liburuak argitu dituzten datuak, aipatutako maisuak aldez aurretik ikergai liratekeen esparruak bezala proposatzen dituela. Nik neure esperientzia aurkeztuko dut, eta esan beharrean nago Itzeako maisuak aurreratu, edo begiztatutakoak, oso direla aipagarriak.

Has gaitezen "homo faber" izendatuko euskaldunarekin. Euskal Herriko langileria industriala, hemengo tailerretan ekoiztutako burdina, eginkizun horrek daukan arrakasta, Caro Barojak aurreratzen duena baino zabalago, indartsuago eta harrigarriagoa bilakatzen da. Kontuan hartu behar dugu, gure historia tradizioaren arabera, Euskal Herriko bizimoduko muin eta oinarria nekazaritzan, edo eta baserrietan datzala. Beharbada, XIX . mendearen bukaeran sortutako egoera arduratsuak baserriko bizimodu kutsatu gabea defendatzea ezinbestekoa iruditu zitzaien, baldin eta gure sena eta tradizioa gordetzen ahalegindu behar baziren.

Kontua da, Caro Barojaren ikerketen arabera, teknika, industria eta merkataritza oso garrantzitsu bilakatu zirela, Erdi Arotik hasita, euskal gizartean. Beste alde batetik, hiriak, XII. mendetik aurrera sortzen diren hiriak, dagoneko industria eta merkatalgo tradizio baten oinarrituta sustatzen direla, eta, haien parean, eta ia aurkazko bizimodu bat defendatuz, hiritik kanpoko esparrua zegoela, batez ere jauntxoek menderatzen zuten esparrua, "rural" edo baserri girokoa uste izan dena.

Baina beste ikuspegi bat ere kontuan hartzekoa da: hiri eta baserri giroko etendura hori ez zegoela hain garbia, ez sozialki eta ez bizimoduetan. Alde batetik, jauntxoak laster ohartu ziren etorkizuna nondik nora zetorren, eta hor ikusten ditugu bai hirietan beren dorretxeak eraikitzen, bai udaletxeak menderatzeko ahaleginetan, eta baita ere burdina, untzigintza, merkatu esparruan ere erabat sartuta.

XVI. mende hasieratik aurrerantz hau oso garbi dago, merkatari eta beren mundua ikertu ondoren. Garbi dago jauntxo sendietako hainbat diru non sartzen den: Ternuan, Sevillan, Ameriketan, Europan. Beren eginkizunetan jauntxokeriak, indarkeriak ere nabaritzen dira; baina beren arteko borroka tradizionaletik kanpo, aspaldiko izaeraren ezaugarri bezala.

Caro Barojak nabaritzen duen europar, nordiko den erritmoa, "homo faber" deitura, orokorrean euskal gizarteari egozten dio. Bai jauntxoen sendiei, bai eta itxuraz baserri giroko gizarteari. Los Vascos liburuan garbi ikusten da baserria ez dela isolatuta bizi, hiriari begi baizik. Hiritarrei saldu beharko dizkie barazkiak, abereak eta abar. Baina, hortik kanpo, ikazkinak, meaginak, garraio gizonak, morroiak eta beste dira baserritarrak, eta baserriko giroa kalera begira gauzatzen da.

Basoak zaintzen, zurezko etekinak hirira edo itsasbazterretako untzigintzarako ekartzen, oletarako ikatza egiten... ikusten da, eta Caro Barojak hori aldarrikatzen du, baserritarrak "homo faber" horren inguruan mugitzen zirela.

Nire harridurarako, eta ezpairik gabe nire maisua izandakoaren pozerako jakin izan bazuen, beste datu adierazgarri bat azaldu da XVI. mendeko euskal mundu harrigarrian: baserritarrak berak bilakatzen direla "homo faber" hori, berak direla askotan merkatari. Kontuan hartu behar da olak, untzigintza berak, hau da, modernitatea adierazten duten ekintzak, hiritik kanpo ere bazeudela. Pentsatu genezake hori, estrategikoki, beharrezkoa zela, hiriak hain txikiak izanda. Kontua beste bat da: baserriak berak industrigune bilakatzen direla, eta baserritarrek bere basoetan emandako lanak industriara bideratuta daudela.

Gure XVI. mendeko urrezko garaian burdina oso zen funtsezkoa, baina baserritarrak burdinaren inguruko lanak egiten aurkitu ditugu. Oletan baserritarrak ere lan egiten zutela jakin badakigu, eta olak, hein handi batean, garai hartako baserri giroan murgilduta daude. Gauza bitxiena baserriak berak, bere eraikuntza barruan, burdin lanetarako erabiltzen zirela jakitea da. Hau ez da bakarrik burdinaren inguruan sortutako hirietan, Legazpi edo Arrasaten adibidez, gertatzen. Oñatiko ekintzetan, adibidez, bere lautada eta baserri ugariekin, baserri giroa nagusituko dela bidezkoa litzateke. Horrela al zen?

Oñatiko ola nagusiena, Zubillagakoa, inguruko jauntxo nagusiarena da, Gebara kontearena. Hortaz aparte, ustez baserri giroko auzoek burdingintzan lan egiten dute. Bada baserririk bi sutegi dutenak. Beste batzuek, bat. Horietako bat gaur arte iritsi da, sutegi, hauspo, plantilla eta abar, azken burdin lana Oñatin hain famatua izandako eltzegintzan jardun zuena. Izena ere aproposa dauka: "Errementarikua". Olabarrieta auzoa, bere izena ere esanguratsua, burdin bide batean aurkitzen da: Oñatiar famili indartsuak, hala nola Lazarragatarrak, Legazpiko ola famatuetan parte zuten. Burdina Oñatiko olatxoetara ekartzen zen, bertan tresneria egiteko. Olabarrieta, bide bidean, eginkizun horretarako toki aproposena zen, eta horrela gauzatzen da. Hortaz kanpo, gure ohizko pentsamoldeak erabat puskatzeko, Olabarrieta bertan aurkitzen ditugu burdin merkatariak, adibidez, Bergara familiakoak.

Jo dezagun Oñatiko toki menditsuago den auzo batera: Uribarrira, Arantzazu bidean. Nahiko harritzekoa baldin bada ere, bertan agertzen zaizkigu armagintzarekin lotuta dagoen haga edo pika egileak. Horretarako lau gauza behar ziren: bata, lizar mintegiak, bost metrotik gorako hagak hazteko. Bigarrena, burdina, puntako labain zorrotza eta eraztunak josteko. Hirugarrena, hori dena landu eta pika edo lantzak egiteko gaitasuna. Hazkenik, laugarrena, merkatu egokian sartzeko gaitasuna, hau da, merkatariak.

Lau baldintza horiek, Uribarri bezalako auzogune txiki batean burutzen dira. Azpimarratzekoa da Soraluze familiaren adibidea. Soraluzetarrak Sevillan eta Lisboan oso presentzia bizia dute. Caro Baroja itsasbazterrean zegoen dinamikaz harrituta gelditzen da. Bailara barnetan sartuta ere beste hainbeste gertatzen zen: sinestu ezineko industria eta merkatal giroa, bai hiri barruetan, bai hiritik kanpo. Zabalera dena zeukan kutsatuta burdin lanak batez ere, baina baita ere untzigintzak eta abarrek ere.

Gainera, dakigunez, hain garrantzitsua izan diren liho hazi zorroak ekartzen zituzten Portugaletik Euskal Herrira. Baina gai honek beste esparru txundigarri batera eramango gintuzke. Bertan, oraindik gehiago, baserritarrak Euskal Herri moderno eta aurrerakoi batean buru belarri sartuta agertzen dira, hau ere merkatu munduan sartuta. Eta, zer esanik ez, emakumea, bera izan baitzen oihalgintza munduan protagonista nagusia.

Caro Barojak mundu harrigarri honen susmoa, alde batetik, eta ziurtasuna, bestetik, azaltzen dizkigu, tradizio nahiko berritik kanpora atera eta euskaldunen modernotasuna agirian utziaz.

Iberia penintsulako europarrak, mitoak deseginez.

Orain arte esandakoak Caro Barojak garai hartako Euskaldunei buruz zeukan pentsamoldea indartzen du. Begira zer dion berak: "El vasco, por razón de sus complexión vigorosoa acaso, por la estrechez del medio... es el "homo faber" de la Península". Bereak dira hitz adierazgarri hauek ere: "La falta de una o dos grandes ciudades hubo de repercutir e la larga en el esfuerzo técnico... aunque dentro del cuadro español (e incluso de cualquier otro cuadro) fuera extraordinaria y rara... Por otro lado, la pequeñez del propio territorio no le dio capacidad para un gran desenvolvimiento del instinto político".

Itzeako maisuak ezin du onartu euskaldunei buruz egiten diren iseka eta burlak, baserritar kaiku batzuk izango balira bezala agertzen baitira literatura naiz kroniketan. Euskaldunen moderno giroa defendatuz, begira zer esaten duen: "Y lo es dentro de unas tradiciones que contrastan con todas las ridículas generalizaciones que se han levantado en torno a su aldeanismo, su rusticidad, etc., partiendo sólo de la observación superficial de sus peculiaridades lingüísticas y de algunos rasgos de su folklore. Si yo, como historiador y etnólogo, tuviera que dar una definición del pueblo vasco, diría que, hoy, es un pueblo con una tradición cultural eminentemente europea, occidental, bastante diferenciada de las mediterráneas...".

Caro Barojak garbi bereizten ditu Hegoaldeko eta Iparraldeko pentsaerak, tankerak eta naturaren aurrean emandako erantzunak; eta euskaldunak, ezpairik gabe, Iparrekoekin batera kokatzen ditu antropologia aldetik. Euskal Herriko bailara gehienetako ekoizpenak eta bizimoduak ez daukate zer ikusirik Gaztelako edo Andaluziako lan egiteko moduekin, eta bai Frantziako, Herbehereetakok edo Ingalaterrako Atlantiko itsasbazterreko bizimoduekin. Lanaren kultura oso da ezberdina Ipar eta Hego herrietan. Lehenbizikoetan lana ez da mespretxatzen, ez da behe mailako gizakientzat. Lanak duintasuna ematen du, eta ikuspegi horrekin euskaldunak bat datoz. Ez bakarrik herri xeheak, handikien semeak ere dinamika horretan buru-belarri sartzen dira, batez ere merkatari mailan. Horren lekuko Europan, Sevillan, Lisboan edo Ameriketan Euskal Herrian ekoiztutako burdin gaiak saltzen ari izan ziren hainbat goi mailako abizen.

Beste hainbeste esan daiteke hemengo ezjakintasun eta analfabetismoari buruz. Kontua da, garai hartan, Gaztelako hainbat unibertsitateetan irakasle euskaldunak azaltzen direla, Felipe II.ak Esteban de Garibay bere kronista izendatzen duela, eta, gainera, negozioetan behar zuten gaitasuna erabat menderatzen zutela. Zer esanik ez, horretarako planifikazio zehatza ikusten da euskal munduan. Edozein herrixkak dauka bere eskola, maiz gurasoak ordaindutako maisua erakarrita, bai bazekiten eskola behar beharrezkoa zutela aurrera ateratzeko. Ez da kasualitate hutsa Errege Katolikoen, Carlos V.aren edo Felipe II.aren idazkari ezagunenetakoak euskaldunak izatea: Lazarraga, Eraso, Idiakez eta abar.

Eredu aproposa: Garibay eta Arrasate

Aztertu ditugun ideia nagusienak oraindik ere garbiago eta tinkoago agertzen dira Caro Barojak Garibay historiagilea ilunpetik ateratzeko asmoz idazten duen liburuan: Los vascos y la historia través de Garibay. Auzi honetan, hirugarren zutabe gisa nire lanak aurkeztu behar ditut, Garibay eta Caro Barojaren baimenarekin. Hain zuzen ere, Arrasate eta bere altzairu sonatuaren ikerketa izan dira aitzaki eta abiabide. Merkatarien arrastoari jarraituz, Debagoieneko industria garrantzitsuarekin egin nuen topo, eta haren inguruan hasi ziren erabat zapuzten oraindik ere ezkutu antzean gordetzen nituen zalantzak.

Oinarri bezala, hau hartu behar da kontuan: gauza bat da industria eta merkatarien presentzia baieztatzea, Euskal Herrian europar giro aproposa nabaritzea. Horrek ez zuen baserri giroa baztertzen, batez ere baserria, garai hartako Europan %ko 80 baserriari lotuta bizi zirela jakinda. Arrasaten, adibidez, kontrako proportzio harrigarri bat nabaritzen da. Gehienak altzairu inguruko ekintzetan mugitzen dira. Artxiboetako agiriak hori garbi uzten dute, eta partaidetza hain zen zabala, non emakumeak ere parte hartzen zuten. Garbi esaten dute, hitzez hitz, "hasta las mujeres" esaldi esanguratsuarekin.

Uka ezinekoa da Euskal Herrian baserriak indar handia izan duela, eta hori ez dago baztertzerik. Baina kontuan hartu behar da gure herriaren aro aberatsenak industria eta merkatalgoa garaitzen direnak direla. Industria aipatu dudan ezkero, Caro Barojak dionez, eta honetan erabat ausarta agertzen da, Garibay industria giroko herri batean jaio zen. ¿Nola ausar daiteke XVI. mendeko herri bati buruz horrelakorik esaten, orain direla hogeita hamar urte? ¿Euskal Herrian kokatutako hiri bat industriala zela? Baieztapen honek esanahi sakonak daramatza berekin, hala nola esparru honetako herriren batek industria kutsua islatzen zuela, hau da, bere bizimodu nagusia industriarekin lotuta zegoela.

Nire ikerketen arabera, Euskal Herrian industria edo merkatal giroko guneak oso dira garrantzitsuak. Bazter ditzagun Donosti, Bilbo eta Gasteizko hiriburuak, non merkatalgoa eta industria hain nabaria agertzen den. Ahaztu ditzagun Eibar, Soraluze eta, orokorrean, Deba Bailarako herrialdeak eta bertako industria eta merkatal tradizio sakona. Azkoitia, Azpeitia, eta Oñatin ere, industriak eta merkatalgoak eraikitzen dute bizimolde berezi bat.

Errepara dezagun, bereiziki, Legazpi bezalako herrietan: hor industria erabat garrantzitsu eta erabakigarria da. Arrasate, beharbada, Legazpirekin pareka daiteke, bere sorrera, bilakaera eta gaur arteko historia burdinari edo altzairuari lotuta agertzen baita. Orain direla hiru hamarkada, hala ere, Caro Barojaren baieztapenak ausartak bezala agertzen dira, batez ere Arrasateko kasuan, industriari nekazalgoari baino garrantzi gehiago ematen diolako. Ikusten denez, Caro Barojak Garibayren ideiak defendatzen ditu, baina ez du horretarako elementu gehiegirik. E zegoen ikerketa fidagarririk, bere baieztapenak ezpairik gabe oinarritzeko. Geroztik egindako ikerketak nahiko elementu emango liokete Barojari, zalantzarik gabe, Garibayek esandako hainbat esaldi fidagarriak bezala onartzeko.

Caro Barojaren errebindikazioak beste bide batzuk jorratu behar izan zituen, datu hauen gabezian. Horek bultzatu zuen Baroja estrategia bitxi bat jorratzera. Adibidez, gogoz kontra bezala, hau esaten duenean: "en su candor, vivió como presionado por la tradición ferrona mondragonesa". Nonbait, beldur da lau mende lehenago Garibay deuseztatzeko erabilitako argudioak bere defentsaren aurka ere jarriko ote zaizkion. Itzeako maisua oso bide bitxi batez baliatzen da Arrasateko historiagilearen ideiak berriz ere argitara emateko, ilunpe lotsagarritik ateratzeko.

Bide bitxi horretaz baliatuz, Garibayek esandakoa gehiegizkotzat jotzen du, baina nabaritzen zaio kritikatzen duena isilean eta gogo onez onartzen duela. Metodo horri jarraibidea emanaz, han non sartzen dituen auzian idazle eta poeta klasikoak ere: "Pero hay, en su misma época, poetas que llegan a mucho más pomposas exageracioens: y no faltará el que en su verbosidad haga mención de la peña famosa por su acero...". Barojak erabat ozenki esan nahi ez duena, aspaldiko idazleen ahotan jartzen du, Garibay aldeko "gehiegikeria" hoiek kritikatuz.

Alde batetik, XVI. eta XVII. mendeetako poetak aitortutakoak, uka ezinak dira, ezin ditzakegu baztertu. Bestetik, Caro Baroja beraren kritikan azaltzen dira: "leyendas vinculadas a aquella peña de forma bella y majestuosa que domina todo el ámbito del término" (60 o.); "el microcosmos de la niñez y juventud le hace pensar en cosas remotas, grandiosas, del macrocosmos" (60 o.), edo eta Arrasateko altzairuaz mintzatzerakoan Garibayek esaten duena aipatuz: "el qual se labra del metal d'esta peña, siendo el más rezio d'Europa..." (61 o.). Badaezpada ere, nonbait beldurrak eraginda, honelakoak esaten ditu: "la exageración es notoria en todo"; "magnificación de una montaña familiar", (62 o.), eta abar.

Hurrengo urratsa, berak asmatutako tranpari izkina egitea da, batez ere XVIII. mendeko naturalista baten bizkarrean antzeko gehiegikeriak botatzen dituenean; hau da, Bowlesek Arrasateko altzairuaren kalitatearen alde esaten dituenak. Puntu honetara etorrita, Caro Barojak bere norabidea eta erabilitako taktika erakusten ditu. Hainbat idazleek Garibayek esandakoak baieztatzen badute, ezingo da asmakizun bat izan. Bowles ikerlariaren esanetan abiapuntu hartuta, begira zer esaten duen: "Quiere decir este texto que en tiempo de Garibay la industria espadera tenía que hallarse muy floreciente".

Itzeako maisuak ikerketa hau joko bat bezala eramen beharrean aurkitzen da, eta joko honi jarraituz Garibayen ideien aldeko propaganda egiten du. Garibayen gehiegikeriak, Arrasateko kronistak haurtzaroan jasotako bere herri eta Udalatxaren irudiak puztu eta goraipatu dituelako dira. Baina ez du behin ere gezurrik dionik esaten; "exageraciones" hitza erabiltzen du.

Orain nire aldetik, gehiegikeria hauek ez direla bidezko defendatu behar dut. Gehiago esango dut: Garibayek bere herriari buruz, bere industriari buruz esandakoak motz gelditzen direla. Hau ez da bakarrik industriarekin gertatzen, orokorrean arrasatearren garai hartako bizimoduarekin ere bai. Caro Barojak, Garibayek esandakoa erabat ontzat hartuta, honelako esaldiak onartzen ditu: "... viene a decir que en el país hay cosas que son de una modernidad absoluta. En el siglo XVI las villas son modernas, los trajes de las gentes de la calle son modernos... y los problemas que plantea la economía y la industria son de una modernidad total...".

Arrasate eta Udalatxako altzairuaren berriak agertu neurrian, Caro Barojaren ustezko Garibayen gehiegikeriak motz gelditzen dira. Garibayek ez ditu aipatzen Arrasateko altzairuak izan zuen arrakastaren sonak. Hala nola, Europa guztian ezaguna zela, eta europar merkatariak bereziki horren bila (batez ere "panes de acero" deitutako altzairu totxoak) etortzen zirela. Etorri, edo eta Donostia eta Bilboko faktore edo ordezkoei material hori lortzeko ardura utzi. Esanguratsua da Elizak bera ere atzerritarren presentzia salatzen duela, arrisku bezala ikusten zuelako, luteranoen dotrina sartzera etortzen zirenen susmoa zabaldu baitzen. Pertsonai "arriskutsu" hauek, noski, Flandria, Ingalaterra eta Frantziako merkatariak ziren.

Garibayek ez du aipatu ere egiten Arrasateko merkatariak Europarekin zeuzkaten lotura estuak. Arrasatekoak altzairua eman, eta horren ordez garai hartan hain famatuak ziren Frantziako oihalak eskuratzen zituzten, herrialdeen artean truke probetxugarria sortaraziz. Zer esanik ez, baziren arrasatear merkatariak Nantes eta beste hiri batzuetan finkatuak, truke hori kontrolatzeko.

Armak ere aipatu ditut. Garai hartako gudaroste indartsuena Gaztelakoa zen, edo Carlos V.aren eta Felipe II.aren gudarosteak. Errege hoiek garbi zeukaten beren armentzat Arrasateko altzairua behar beharrezkoa zela, batez ere arkabuz eta mosketeentzako giltza fidagarriak egiteko. Agiriak garbi esaten dute zati horiek Arrasateko altzairuz egin behar zirela. Garibayek hori ez du aipatzen, eta Barojak ezin izan zuen bere argudioen alde erabili.

Ezpata famatuen munduan, aldiz, literatura bera ere euskaldunen alde jartzen da. Begira nondik zetozen Toledoko ezpata famatuak: "victoriosa espada, de Mondragón tu acero y en Toledo templada". Esaldiaren lehen bi zatiak egiak dira. Azkena, ordez, gaur egun "marketing" deitzen den produktua neurri handi batean, Arrasate bertan ezpatari famatuak baitzeunden. Hau jakina zen, baina Garibayek, hori aldarrikatu beharrean, ezkutuzko opari bat egin zigun: bere hilarri azpian, San Frantzisko elizan, berarekin batera bere ezpata eta daga ehortzi ziren, eta bai altzairuaren bai ezpataren kalitate miragarria ikertzeko aukera eman zigun, Bai Garibay beraren errebindikaziorako, baita ere Caro Barojaren defentsarako.

Historiak bere trikimailu berezi eta bitxiak agertzen ditu sarritan. Inoiz ez da berandu, baina Caro Barojak erakutsi zuen gizatasuna, eta maila zientifikoa, nire esperientzia pertsonalean eta ikertu ditudan puntuetan behintzat, goraipatzekoak dira.

Barojaren tankerako maisu berri baten beharra

Gaur egun, Euskal Herriko historiagileek, azken urtetan ekoiztu diren ikerketek, beste Caro Baroja baten beharra daukate. Batez ere, Unibertsitate berri inguruan agertzen ari diren liburuek irakurle eta interpretatzaile bat behar dute. Ez dut uste eginbehar horretarako Caro Baroja eredu makala izango litzatekeenik. Beharbada, Itzeako maisua luxu bat izan da guretzat, Joxe Migel Barandiaran izan zen parekoa. Garbi esan, horrelako maisuak ez dira aterako gure borondatearen edo nahiaren fruitu bezala. Ez da nahiko guk nahi izatea. Nire esperantza hau da: hogeigarren mendean zehar Caro Baroja eta Barandiaran agertu baldin baziren, garbi daukat gure herriak inoiz horrelako fruitu aberatsak emango dituela.

XX.I mendearen sarreran baldintzak asko aldatu dira. Kongresuetan, erakundeetan, gero eta maizago eta sakonago ikertzen ari dira gure gaiak. Herri eta herrialdetako historia eta ikerketak egiten ari dira. Euskaldunek hemendik kanpo izan duten presentziak ere gero eta esparru zabalagoa agertzen du. Ikergai den gaia gero eta aberatsagoa da. Falta zaiguna, nire ustez, hau da: begirada zabal, sakon eta askea eman dezaken gizonaren partaidetza. Uste dut, norabideak hain nahastuta dauden momentu honetan, On Julio Caro Barojaren tamainako gizon, ikerlari eta propagandista handi baten presentzia eskertuko lukeela gure gizarteak.

Arriba

Volver

Licencia Creative Commons. Pulse aquí para leerla
2007 Departamento de Cultura, Juventud y Deporte - Diputación Foral de Gipuzkoa
Para conectar con nosotros mediante skype pulse aquí
Logotipo Gipuzkoa.net. Pulsar para ir a la página de Gipuzkoa.net